Microrrelatos

Santa Ines, bart egin dot amets

Duela mende bat arte, oraindik arrunta zen Laudioko berezko euskarazko elkarrizketak entzutea gure herrian. Orduantxe jaso zuen R. Mª Azkue apaiz, etnografo eta hizkuntzalariak "Laudioko" esamolde propio bat. Jendea lasaitzeko erabiltzen zen, batez ere haurrekin, amesgaizto bat jasan ondoren lasaitzeko. Honela zioen: Andra Santa Ines, bart egin dot ame(t)s: ona bada, berorren partez; txarra bada, bat bere ez.

Loaldian astindutako laudioarren gorputz haiek purifikatzeko erabiltzen zen herri-formula zen, ahalmen sobrenaturalak zituena, une txarra pasatu berri zuten herritar izutu haiek lasaitzeko erremedio paregabea.

Hizkuntzalari hark Laudioko esamoldetzat jo zuen, propioa, baina Euskal Herri osoan zehar hedaturik zeuden antzeko esaeren beste aldaki bat besterik ez da, besteekiko hitz bat edo hitz batzuk aldatuta. Ahozko transmisioz izanaren albo-kalteak...

AMESGAIZTOAK. Garai haietan, ametsak, eta bereziki amesgaiztoak, izaki gaiztoek gizakiongan egindako intromisio gisa interpretatzen ziren, gorputzaren okupazio moduko bat, betiere lo egitean genuen arreta falta baliatuta, eta gaueko giroa aprobetxatuta. Gaua deabruaren menpeko izakien eta ente gaiztoen habitat gogokoena zelako...

SANTA INES. Oro har, uste izaten da funtzio horretarako Santa Ines hautatu zuela herriak bere izenak "amets" hitzarekin errimatzeko eskaintzen zituen aukeragatik. Horrela ere uler daiteke beste hainbeste bertsiotan, antzeko esaldiak errezitatze orduko, San Andresi erreferentzia egitea edo, Nafarroan, bertako Kodes aldeko amabirjinari.

INES RUIZ DE OTALORA. Santa Inesen figura oso gurtu eta mirestua izan zen behinolako Euskal Herrian. Baina hain ezaguna ez dena da Euskal Herriko benetako pertsonaia izan zela: Ines Ruiz de Otalora zen, goiko klase sozialeko arrasatearra. Valladoliden hil zen, 1607an, 40 urte inguru zituela, Aranzadik, Pako Etxeberria antropologo forense ezaguna buru, egindako azterketek erakutsi dutenez. Ines Ruiz de Otalora Rodrigo de Ocarizen alarguna zen, hau ere arrasatearra eta Felipe II.aren Errege Etxeko grefiera —idazkari modukoa— izan zen Valladoliden.

Inesek eta Rodrigok izan zituzten seme-alabak ume zirela hil ziren eta, beraz, ez zuten oinordekorik izan. Badakigu bestalde Inesen gorpua Valladolideko San Frantzisko komentuan ehortzi zutela, baina bere azken nahiari helduta, Arrasate jaioterrira ekarri zuten betiko atseden hartzeko. Geroztik han dago, senarrarekin batera, familia ahaldun hark San Joan parrokia-elizaren barruan eraikitako familia-kaperan.

Orduantxe izan zen, garraiorako hilobitik ateratzeko unean bertan, bere gorpua ustelgabe, momifikatuta zegoela ikusi zutenean. Eta gertatutakoa mirakulutzat hartu izan zen. Zurrumurrua berehala hedatu zen eta santutasunaren ospea handitu, espazioan eta denboran zenbat eta urrunago, orduan eta gehiago.

USTELDU GABEKO GORPUAK. Garai hartako pentsamoldean, gorpu ustelgabe bat aurkitzean, zeruko asmo bat bezala interpretatzen zen. Zeinahi zela arrazoia, hildakoaren arima zeruetan egonik ere, gorpua hain ondo mantentzeak esan nahi zuen lurrean geratu eta gelditu behar zela, zeregina hor zuelako, jaungoikoaren erabakiz.

Gorpuzkiak gizakion artean ontasuna eta kristauen fedea ekartzeko balio zuten, lurraren eta zeruaren arteko solaskide zirelako. Santuen erlikiak gutiziatutako elementuak ziren, bestalde, Jainkoaren ordezkaritza mirakulosoa nahi genuen tokira eramatea ahalbidetzen zuelako. Eta, ez dezagun ahaztu, diru ugaria lortzen zuelako gordetzen zituzten elizetarako.

Inesen kasuan eta gure ustez, Elizarekin bereziki ondo harremandutako pertsonaia ospetsu izateak zerikusi handia izango zuen haren ustezko santutasuna onartzeko.

KORONABIRUSA. Amaitzeko esan behar dut nik ez dudala kontu horietan sinesten. Baina aitortu behar dut, egun hauetan, mende bat atzeragoko Laudion bizi nahiko nukeela, Santa Inesi interpelazioa egin ahal izateko, atera gaitzan koronabirus izeneko amesgaizto krudel honetatik. Andra Santa Ines, bart egin dot amets...

Felix Mugurutza

Alcalde, Ander Añibarro Concejales-as de barrio Plan de Legislatura 2019-2023 Seguimiento de acciones: rendición de cuentas Portal de la transparencia Haz tus aportaciones Próximos eventos Buzones Mejora tu pueblo/Haznos tu consulta Manda tus noticias a la info-agenda Zuin Sede electrónica Subvenciones Domicilia tus impuestos Cursos de formación Mi pago Zure Laudio Visor de polígonos industriales Agenda 2030: hoja de ruta para el desarrollo sostenible del municipio Horarios de autobús Agencia de Desarrollo del Ayuntamiento de Llodio