Mikrorrelatoak

Dolumin Barikua Laudion

Estanislao Urkixo Landaluzek (1816-1889), Urkixoko lehen markes boteretsuak, beti ezkutatu izan zuen, ahal izan zuen neurrian, bere jatorria Aiaran zegoela, Murgako baserritar familia apal batean, alegia. 1971. urtean Amadeo I.-ak eman zion noblezia tituluari distira kentzen zion errealitate horrek. Aberats berria zen, ez zen arrazazko noblea, eta hori ez zuen inoiz ahaztuko berarekin harremantzen zen aspaldiko leinuko aristokrazia horrek. Estanislaok bizitza osoa eman zuen zeregin ekonomiko eta politiko handiak gauzatzen, arrakasta handiz. Ondorioz, imajinaezina zen dirutza eskuratu zuen, ordura arte pentsaezina zena, baina baserritarren semea izaten jarraitzen zuen, hala ere...

Antza, bere jaiotza agiria Murgako parrokiatik kendu zuten, eta hori beti lotu izan da bere jatorri apala ezkutatzeko helburuarekin. Keinu horrekin alde batera utzi nahi zuen, nolabait, lotsagarria iruditzen zitzaion iragana.

Halaber, ezin da ahaztu zein prozedura baliatu zuen hainbat jabego eta baserri lortzeko, zenbait baserritarren miseria egoera profitatu baitzuen haiek kale gorrian uzteko.

Dena den, ezin zuen ekidin lurra lantzeko grina eta landare, zuhaitz eta mahatsondoz betetzen zituen bere jabegoak. Geneetatik zetorkion bulkada hori; azken finean, hainbat belaunalditik, nekazari soila besterik ez zen.

Ziurrenik, bere azken egunetaraino eraman zuen izatearen eta ez izatearen arteko gatazka; bereziki, nekazari noble eta duina izateari uko egin ziola jakitea. Eta barrukietan harra sortuko lioke Zizeron (106-43 K. A.) klasikoaren esaldi honek: “Nekazaritza da jakintsuen ogibidea, xumeentzat egokiena eta gizon askeen lanbiderik duinena”.

Estanislao gizon fededuna izanik, bere bizitzak aurrera egin ahala, gero eta urduriago jarri zuten ziurrenik kontzientzia kolpatzen zizkioten zalantza horiek.

Badirudi bere testamentuan hala islatu zuela; izan ere, hasieratik, ez zen egon bere dirutza salbatzera zuzendua –ez baitzuen baliorik izango beste bizitzan– , baizik eta bere arima erreskatatzera, bere bekatuen erredentziora. Bere arima jainkoari gomendatzeaz hitz egiten du, bere gorpua, umil, hiletan erakusteari, eta bere arima salbatzeko 20.000 meza enkargatzea aipatzen du. Halaber, sekulako dohaintzak aipatzen ditu, erakunde erlijioso eta ongintzakoei zuzenduak. Agindu elizkoi horien artean dago ere eskualdeko nekazari eta abeltzainak babestea eta saritzea. Horrela, topo egin zuten berriro errealitate berearen bi aldeek: aristokraziaren aurrean ezkutatzen saiatu zen errealitate hori, baina jainkoaren aurrean estali ezin zuena. Ezeroso sentiarazten zuten kontzientziako harrei hil osteko konponbidea emango zien horrela.

Retrato de Estanislao Urquijo Landaluce

Markesa hil osteko urtean, eta haren aginduari men eginez, 1890eko maiatzaren 7ko Laudio Ibarreko Karitate Batzarrean adostu egin zen kategoria anitzeko sariketa ezartzea, eskualdeko nekazaritza eta abeltzaintza sektorea inoiz ez bezala indartzeko.

Agian, bere heriotza data apirilaren 30a izateagatik, Dolumin Barikutik gertu eta sinismen kristauak sendotzeko, egun hori zehaztu zen sarietarako. Eskualde osoko baserritarrek parte hartzen zuten, baina baita Gasteizkoek edota Kantabriakoek ere, azokak izen handia lortu baitzuen. Esan beharra dago unean uneko egoeren ondorioz eta ekimen pribatua izanik, ez zela urtero ospatu; ezta aurten ere, koronabirusaren pandemia dela eta.

Lehenengo edizioa, proba moduan, 17 kategoriak osatu zuten: laborantza, fruta arbolak, tokiko zezenak, tokiko behiak, arraza suitzarreko zezen eta behiak, idi pareak, urtebeteko txahalak, zekorrak, 2 eta 3 urte bitarteko zekor pareak, behorrak, mandoak, zaldikoak, atzerriko arrazetako txerriak, txerria kumeekin, harakaiak eta, azkenik, “harakai-hazkuntza handiena”.

Denborak aurrera egin ahala, azoka eraldatzen joan zen eta arrakasta hazi eta errotzen joan zen baserritarren artean; euren jantzi eta produktu onenekin joaten ziren azokara, eta baita hiriko jendea ere, zeinak nekazal mundu zaharrarekin topo egiteaz gozatzen zuen.

Horregatik, markesaren eraginak behera egin zuenean, udalak berak hartu zuen bere gain azoka, 1950. urtetik aurrera, eta hala mantendu da gaurdaino.

Amaitzeko, Dolumin Bariku izenari erreferentzia egin nahiko nioke. Izan ere, betikoa dela iruditzen bazaigu ere, ez da benetan horrela. Azokaren izen ofiziala Viernes de Dolores izan zen jatorriz. Erreferente erlijioso hori, gure inguruan, ezaguna izan da Doloreetako Bariku izenarekin. Baina diktadura Frankistaren ostean, izen arranditsu eta kultuagoa bilatzen zen, ekitaldia bera bezain distiratsua. Horregatik, udalak Dolumin Bariku izena eman zion 1984an, mendebaldeko euskarari keinu zuzena eginda. Geroztik, dena da bakea eta loria. Ziur horrela dela Estanislaoren ariman ere.

Felix Mugurutza

Alkatea, Ander Ańibarro Auzoen zinegotziak 2019-2023 Legegintzaldirako Plana Ekintzen jarraipena: kontu ematea Gardentasun ataria Egin zure ekarpenak Hurrengo ekintzak Egin ezazu zure kontsulta / Hobe ezazu zure herria Manda tus noticias a la info-agenda Zuin Egoitza elektronikoa Diru-laguntzak Helbideratu ure zergak Prestakuntza-ikastaroak Nire ordainketa Zure Laudio Ikus industrialdea 2030 Agenda, udalerriaren garapen jasangarrirako ibilbide-orria Laudio Top Zinema Autobus ordutegiak Laudio Garapen Agentzia