Berdintasunerako zerbitzua

Berdintasunerako argudioak

Senitarte desberdinak

Berdintasuna

Duintasuna

Gure inguruko gizarteak aldaketa sakonak egin ditu azken urteotan; senitarteek ere aldaketak bizitu dituzte: ama eta aita ezkongabeak, banantzen diren bikoteak, lehenagoko harremanetatik seme-alabak dakartzaten senitarteak, oinordekorik gabeko senitarteak, babes-senitarteak… Ingurune berri honetan gay edo lesbianen bikoteak ere ditugu, eta hauen seme-alabak. Guraso bakarreko senitarteak ditugu hauek.

Gizartea eta legeak ere, piskanaka, senitartearen kontzeptua zabaltzen joan dira eta senitarte berri hauek bere egiten. Oraingoan gay eta lesbianek osatzen dituzten senitarteek, seme-alabek bereziki, bizi duten lege bitarteko bazterkeriari amaiera emateaz ari gara. Horretarako ezinbestekoa zaigu sexu berekoen arteko ezkontza zibila legez onar dadila; eskubide hori lorturik legearen aitzinean behingoz berdin izanen gara eta gure senitarteak gizon-emaztearen artekoen berdin tratatuak izanen dira, eta haiek jasotzen duten babes berdina dute jasoko.

Guztiok gara legearen aitzin berdin. Gizarte demokratiko edozeinaren gutxieneko bermea dugu hori eta halatan ezin dugu inondik ere geure eskubideak murriztuak izan daitezela onartu. Duintasuna ez da negoziagai, berdintasuna erabatekoa ez bada ez da berdintasun. Edozein herritar bezalaxe, ezkondu ala ez eta norekin ezkondu erabaki nahi dugu, horrek dakartzan eskubide eta betebehar guztiz.

Lesbiana eta gayok senitarteak osatzen ditugu, seme-alabak ditugu.Ez gara antzu eta seme-alaba biologikoak ditugu, norbanaka seme-alabak har ditzakegu, eta lesbianok intseminazio artifiziala balia dezakegu. Geure seme-alabei gainerako umeei emaniko babes berdina behar zaie eman. Horretarako legez onartu behar zaie bi aita edo bi ama dituztela, egiatan hala baitituzte eta beren egunerokoan hala dute bizi. Hori ez egitera adintxikikoaren interesa eta ongiari kalte egiten zaie; esate baterako, baldin eta gurasoak bananduko balira, pentsioa eta bisiten modua antolatu beharko litzateke eta ezarri, edo baten bat hilez gero, haren ondasunak jaso ahala behar du umeak, nahiz eta egun legez hildakoa bere aita edo ama ez den.

Ezkontzeko eskubidearen eskaera berdintasunaren aldeko eta gaur egungo gizartean oraindik ere lesbianok eta gayok jasaten dugun bereizkeriaren aurkako borrokaren adierazpena da ere. Gayok eta lesbianok gizartean erabat errespetatuak izan behar dugu eta gure senitarteek, gure seme-alabek ere errespetu bera merezi dute. Legeek printzipio horren berme behar dute izan. Ezkontzeko dugun eskubidearen aurka ari direnek ezkutuan –edo ez hain ezkutu- gorde duten homofobia dute adierazten eta gizarte osoari beren balioak eta senitarte modu baztertzailea nahi dizkiote ezarri. Alabaina, errealitatea ezin da ukatu, senitarteen moldeak gero eta anitzagoak dira eta herri-aginteek horren babesean saiatu behar dira.

Ezkontza zibilarren eskubidea lortzeak legearen aitzinean berdin gaitu egiten eta garrantzi handiko aurrerapausoa zaigu lesbianok eta gayok gizartean jasaten dugun bereizkeriaren aurka aritze honetan. Legeek gizarteari bidea erakutsi eta bereizkeria mota guzti-guztiak kendu behar dituzte, gizarteak aniztasunari errespetua gorde diezaion aurrera eginen badugu.

© g e h i t u   - Asociación de Gays y Lesbianas del País Vasco.

Gardentasun ataria Hurrengo ekintzak Eman hegoak euskarari Hobe ezazu zure herria Egin ezazu zure kontsulta Manda tus noticias a la info-agenda Zuin Gazteposta: Iragarki taula Diru-laguntzak Helbideratu ure zergak Prestakuntza-ikastaroak Nire ordainketa Egoitza elektronikoa Zure Laudio Ikus industrialdea Laudio 2025: Oinarri estrategikoak Laudioko ekosistema kulturalaren mapa Laudio Top Zinema Autobus ordutegiak Garapen Agentzia: Enpresa hazitegia